XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ziztuak entzuten dira noizbehinka eta orduan etxeetatik aldegiten dute eta galtzada erdian multzo simetrikoak eratzen.

Gero, lerro-lerro esan bezala, lurpera doaz berriro zutik iraun duten zenbait eraikin ezagunen sotoetatik.

Abnegita Guztiz Handi eta Itzalezko batzuk ere ikusten dira, hara: Zuhurtzia Aulkiko Abnegitez eta Abnegitoiti jaunak hor daude.

O! Zein ohore handia!

Niregana datoz irribarre zabal batez eta beso-adarrak niri luzatuz.

Zer esanik ez, jendearen txaloek arestian eta Ahaldunen adeitasun honek orain hunkiturik naukate.

Eta ekitaldi kuttun anaikor batez nire paparretik Abnegerriaren Termo-Zuhurtziaren Domina Handia esegi dutenean, erabat ahalketurik gelditu naiz, zertarako uka, eta eskerronaren adierazgarri bizpahiru hitz totel besterik ezin izan dut ahoskatu, jadanik haien hizkuntza oso ongi menderatzen badut ere.

Abnegostiko kronista ofizial ohoregarria izendatu naute.

Edikto bat eman didate, gero irratiz irakur dezadan.

Irakurraldi labur batez jabetu naiz izkribuaren mamiaz; ubelen amnistia zerebroen amnesiaz konmutatzeko aukera.

Ez dakizue zernolako lasaitasuna sentitzen dudan orain.

Jendea badabil, ostera ere, kaleetan barrena, batzuk kantari gainera.

Esperantza eta bizia birjaiotzen ari dira gure hirian!

Bart arratsean Igeldoko esperantzarik gabeko kutsatuen artean, ni ere haien iritzikoa nintzen: ihes egin ezinik hirian geratu zatekeen jende guztia azken eraso gaitzaren menpean hilik zatekeela pentsatzen nuen.

Baina ez. Etxeak hondaturik daude, baina gure hiria bizi da!

Ikusten dira oraindik kale bazterretan abnegitek, beren buruen defentsan inondik ere, irentsi behar izan dituzten hiritar batzuen hezurhutsak.

Rekalzitranteak, irrekuperableak... pena da.

Baina izan zitekeena baino galera txikiagoa izan dugu.

Esate baterako, bart arratsean Igeldo gainean hain etsituki mintzo zen mutil gazte ubeldu haren gurasoak bizirik dirateke oraindik: a zer poza hartuko lukeen semeak!

Zalantzarik gabe, nire gaur egungo eginkizuna eginkizun historikoa da: (...)